XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Badira hala ere, itxura hobea duten ondorioekiko aurkikuntzak antzeko arazo batzuk konpontzeko.

Izurriteak sortzen dituzten intsektu batzuekiko borrokan, Bacillus thuringiensis deituriko bakteria bat erabiltzen da, intsektuentzat, batez ere tximeleten harrentzat, toxikoa den proteina bat jariatzen bait du.

Lehen aipaturikoen antzeko manipulazio genetikoen bidez, toxina hori sorterazten duen genea landare batzutan txertatzea lortu da, intsektu horien aurkako inmunitatea lortuz.

Aplikazio zuzen hauetaz gain, oinarrizko ikerketek, geneen adierazpena erregulatzen duten mekanismoak ulertu nahian dihardute.

Oraindik gutxi ezagutzen ditugun mekanismo hauek, ehun eta organoen hazkuntza erregulatzen dute edo erreserbako proteina baten sintesia, e.a.

Mekanismo hauen ulerketak beraz, beraiek manipulatzeko moduan jartzeko lehen urratsak ditugu.

Emaitzak biltzen hasiak gara eta badirudi aurki izango dugula ahalmena uztan baloratzen diren propietateak handiagotzeko, konposaketa aldatuz eta elikagai edo teknologi prozesuetarako kalitatea hobetuz azkenik.

Ezaguna da bestalde, nola Rhizobium jeneroko bakteriek, lekadun familiako landareei atmosferako nitrogenoaz baliatzeko ahalmena ematen dieten; manipulazio genetikoa erabiliz, hobetu egin daiteke nitrogenoaren erabilpen hori edo lekadunak ez diren landareei, hainbesteko beharrak dituzten laboreei adibidez, bakterien gene horiek txertatzea lortu.

Ildo beretik, gainbalio handia duten sustantzia batzuk, elikagai koloratzaile edo edulkorante naturalak adibidez, errazago eta merkeago lortzeko bideak ireki ditzakegu.

Dena den, arlo honetan ere, bidearen hasieran besterik ez gaude.

Orain arte askatu diren arazoak xinpleenak dira noski eta orain arte azaldu ditugun adibideak hala pentsarazten badute ere, ezin dugu pentsatu landare-hautaketa egiten duten teknikoak bihar bertan beren tresneriaren artean injinerutza genetikoa erabil dezaketenik.

Aldiz, zaila eta neketsua izango da oraindik teknika hauek ohizko praktikan ezartzea; hala ere, beren martxa jarraitzen dute eta, dirudienez, etorkizun agingarriarekin.